Hogeitabost urte ez direla bapatean betetzen, akaso geuk ere ez doguz ikusiko, Berbarok baina, beti ditu, borobil borobil eta sano asko, gainera.

Batzuentzat urteak ajez eta nekez lagunduta datoz, horren aldean beste batzuk urteekin dotoretu, hazi, sendotu, eta indartu egiten dira, halakoxea da Berbaro, geurean ikusi dogulako diogu.

Liburu eta disko azokaren bueltan azaldu ziren behin ate joka, Haur Literatur Aretoarekin abenduan zehar jarraitzeko toki bila. Ordutik honezkero urte mordoa pasatu da, hasieran San Agustineko sarrera eta hondoko biltegia erabiltzen zuten, gerora, sarrera bitan banatu, eta eszenalekua ere janzten dute ipuin antzeztuekin. Abenduko hamabost egunetan Durangaldeko neska-mutikoen erdia-edo, XVIII. mendeko etxe honetan izaten dugu, begi berriak pareta zaharrentzat, asko eta asko lehenengoz hurbiltzen dira eta, ametsen faktoria honetara. Eta handia dirudien antzokia txiki gelditu da, hala, bibliotekaraino joaten dira orain idazleekin solasaldia egitera.

Euren eskutik behin baino gehiagotan amaitu dugu urtea hemen bertsoz bertso, orain, Urteko Azken Bertso saioa Plateruenean egiten da. Olio goxoa bezala, zabaltzen doa Berbaro, Santa Anatik Plateruenera, San Agustinetik Bibliotekara, Durangotik Durangaldera, sendo, pausuz pausu eta gozo, bidean euskara bera ere zabalduz, benjondeizuela, beste hogeita bost baietz!

Arantza Arrazola eta Maider Larrañaga