Urte osoko jarrera jaietara zabalduko dugu aurten ere
Aurtengo sanfaustoetan ere kalera irtengo gara GUKA osatzen dugun lagunok. Durangoko euskaltzaleon karpa Kurutziagako iturri ondoan egongo da. Aurten, txapez gain, zapiak ere izango dira eskuragarri gurean, eta DJak izango ditugu bi egunez euskal musika jartzen.
Durangon euskaraz bizitzeko aukerak sortzen gabiltzan herritarrok osatzen dugu GUKA. Urte osoan dihardugu lanean, duintasunez eta jarrera baikorraz diogulako durangarron arteko harremanak euskaraz bizi gura ditugula; aisialdian, erosketak egiterakoan, administraziora jotzen dugunean, ikasten gabiltzanean, kirola egiten dugunean, euskaraz bizitzeko aukerak behar ditugu, eta aukera horiek aprobetxatzeko gogoz gara. Sanfaustoak badatoz, eta jaiok ere euskaraz gozatzeko deia egin gura dugu.
Aurten, Kurutziaga kalean izango da txosnagunea, eta gure karpa Kurutziagako iturri alboan jarriko dugu. Jaiei giro euskaltzalea eta kolore bizia emateko asmoz, aurten jaietako zapiak izango ditugu gure karpan eskuragarri euro baten truke. “Etorkizuna euskaraz dator” lemagaz, bereizgarri sinboliko hori kaleratu dugu, eta gure aldarriagaz bat egiten duten herritar guztiak animatu gura ditugu zapia soinean janztera. Horrez gain, Gukada berriak izango dituzten txapak egongo dira doan hartzeko.
Badatoz jai-giroz zipriztindutako egunak. Gure txosnan, urtero legez, giro euskalduna, konpainia ona, jana eta edana izango dituzu zain. Txosnagunean euskal musika bermatzeko, DJ bi ere izango ditugu karpan: DJ Kool urriaren 11n, eta DJ Eleunto urriaren 21ean. Paella lehiaketan, erreka jaitsieran… ere izango gara, sanfaustoez euskaraz gozatzen.
Hemen duzue txosnaguneko egitarau osoa. Badatoz, badatoz jaiak!!
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest