Zergatik ez?

berriak — By on ekaina 19, 2012 at 7:23

Euskal Herriko supermerkatu batean:

Eroslea: “Perdona, ¿a cuánto está el kilo de manzanas?”

Saltzailea: “ Errezil gorria?

E: “Bai… bai”

S: “1.50 eurotan kiloa”

E: “Eskerrik asko…” (lotsa eginda bere barrurako: “Euskalduna izanda, zergatik ez diot lehen hitza euskaraz egin?”).

Era horretako egoerak arruntak izaten dira gure egunerokotasunean. Euskal hiztun askok, euskara mihian izanda ere, lehen hitza gaztelaniaz egiten dute. Antzeko egoerei buelta bat emateko asmoarekin, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Zergatik ez? tailerra jarri zuen martxan 2010ean. Orain, zabalkundean eraginkorragoak izateko helburuarekin, federazioak Euskal Herri osoko 12 euskara elkarteekin elkarlanean eskainiko du tailerra: AED eta Txatxilipurdi (Arrasate), Bagera (Donostia), Berbaro (Durango), Bizarra Lepoan (Getxo), Elgoibarko izarra (Elgoibar), Irun Iruten (Irun), Jardun (Bergara), Karralikaluze (Atarrabia), Loramendi (Eskoriatza), Pil-pilean (Soraluze) eta Zuhatza (Deba).

Saio hauek euskal hiztunak hausnartzen jartzea dute xede. Izan ere, lantzen diren gaien artean parte hartzaileek egoera bakoitzaren aurrean hizkuntza jarrerek izan dezaketen eraginaz gogoeta egiten dute. “Euskararekiko jarrera baikorrak sustatu nahi ditugu”, dio proiektuko arduradun Sonia Perezek. Funtsean, jardunaldiak galdera baten bueltan antolatu dira: Zergatik ez kokatu euskara guztion elkargunerako, komunikaziorako hizkuntza gisa? Eta tailerraren amaieran galdera horri Zergatik ez? Jakina, bai horixe! erantzuten ahaleginduko dira.

Ekimena euskara ezagutu arren, erabilera gune, harreman eta arloak irabazteko dituzten euskal hiztunei dago zuzendua, hau da, euskaldunen gehiengoari datuen arabera (egun, Euskal Herrian euskara ezagutzen dutenen erdiak baino ez du erabiltzen): besteak beste, hizkuntzekiko duten harremanaz hausnartu nahi duten herritarrak, nortasuna eta identitatea definitzen ari den nerabe eta gazteak eta hizkuntza joeren eredu izaten diren irakasle, begirale eta haurtzainei eta gurasoei bideratua dago.

www.zuzeu.com

Tags:


Erantzun

Trackbacks

Leave a Trackback

berbaro@berbaro.com Plateruena Anboto