Irati Eguren Arrutiren eskutik, azken sei asteotan ilustrazioaren munduan murgilduta ibili dira 20 lagun; ilustratzaile durangarrak ikastaroa eskaini du Pinondon,  Berbarok antolatuta. Asterik aste, konturatu orduko pasa zaizkie ikastaroko bi orduak parte hartzaileei. Ilustrazioen inguruko hainbat teknika eta argibide eman ditu Iratik: erretratuak, testurekin jolasteko dauden mila aukerak, konposizioaren indarra, sormenaren munduak duen askatasuna…eta parte hartzaileek ikasitakoa praktikara eroan dute.

Atzo, apirilak 3, izan zen ikastaroko azken eguna, eta parte hartzaileek sei astetan ondu duten ilustrazio-lana erakutsi zuten taldearen aurrean. Bakoitzak bere estiloan, askotariko testura eta formatuekin jolastuz, irudi multzo bati koherentzia eman zion, eta artelan zoragarriak sortu dira tailerrean.

Horrelako ikastaroak euskaraz gutxi antolatzen direla eta, Durangon aukera hau eskaini gura izan dugu. Irati moduko lagunei esker, oso erraza da sormenaren munduan aske eta mimatu sentitzea. Eskerrik asko, Iratiri eta parte hartzaile guztiei! Jarraitu etxean praktikatzen, eta hurrengo baten, gehiago!