Aurreko astean Udaltop jardunaldietako hamargarren edizioa ospatu zen Lasarte-Orian, Euskaraldia puntuz puntu. Aurtengo puntuari erantzunak eta datorrenari galderak izenburupean. 270 pertsona batu ginen bertan: Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko, Nafarroako, Lapurdiko eta Nafarroa Beherako euskara teknikariak, arduradun politikoak, irakasleak, hizlariak eta beste hainbat esparruetako langileak.

Ostegunean, aurtengo Euskaraldia izan genuen hizpide; aurten, norbanakoen hizkuntza ohiturak aldatzea izango da ekimenaren helburua. Jardunaldia hasteko, Galesko esperientziaren berri izan genuen; Colin H. Williams irakasleak bertako gizartearen aktibazioa eta hizkuntza-ohituren aldaketak nolakoak izan diren azaldu zigun. Ondoren, Euskal Herriko hainbat herritan Euskaraldia zelan lantzen ari diren kontatu ziguten Getxoko, Baztango, Zarauzko eta Ipar Euskal Herriko arduradunek. Euskararen herria handia eta anitza da, eta leku bakoitzean behar oso desberdinak badaude ere, aberasgarria da elkarren berri izatea.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko aktibatuko gara Euskaraldian, eta ariketa sozial horrekin lotuta, hainbat ikerketa-lerroren berri eman ziguten Udaltopen: gizarte aktibazioan eragina duten gakoak azaldu zizkiguten; Euskaraldian egingo den neurketa ere bai, erabileran izango duen eragina neurtuko da; eta, Belarriprestak biderkatzeko eta ulermenean sakontzeko ulerrizketen metologia aurkeztu zizkiguten.

2019: entitateen txanda

Ostiralean, 2019ko Euskaraldiaren inguruan jardun genuen: datorren urtean entitate eta elkarteen txanda izango da; euskararen erabileran konpromisoak hartzeko ordua. Hasteko, Pello Jauregik nabarmendu zigun binakako harremanetan izango duela eragina 2018ko Euskaraldiak, eta erabaki kolektiboekin, talde handiagoetan aldatu ahalko direla hizkuntza ohiturak. Gero, 2019ko planteamendua aurkeztu zuten Topaguneko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek. Taldeka batu eta gaiaren inguruan hausnartu genuen. Urte osoan lanketa egin eta gero, abenduan aurkeztuko da 2019rako proposamena.

Amaitzeko, Debagoienako esperientzia biren berri izan genuen. Bergarako Aranzadi ikastolan, batzarretako informazio guztia elebitan eta birritan ematea saihesteko, aurikularrak erosi ditu udalak. Aldibereko interpretazioa egiten dute, eta, adibidez, irakasleek gurasoen batzarrak hizkuntza bakarrean ematen dituzte. Arrasateko Fagor Ederlan enpresako ordezkariak ere izan ziren Udaltopen, eta han Prest proiektuarekin ahobizi eta belarriprest-en metodologia aplikatu dutela kontatu zuten.