Plateruenak 10 urteko ibilbidea beteko du aurten eta urte askotarako bidea bermatzeko gure laguntza eskatu du. Diru ekarpen eta borondatezko lan kanpaina abiatu du.

Plateruena kafe antzokiak Zilarberritzen gogoeta prozesua garatu du aurten, kultur egitasmo euskaltzale eta herritarra eraberritzeko asmoz. Orain, fase berri batean murgilduko da: ekonomikoki bideragarri izatea. Kontua da, duela hamar urte sortu zenean, milioi eta erdi euroko inbertsioa egin zela obrarako. 1.000 bazkide inguruk ekarpena egin zuten, eta banketxeen maileguak ere jaso ziren. Oraindik 250.000 euroko zorra dago kitatzeko. Arduradunek azaldu dute urteko jarduna bideragarria dela, baina gaur egun ez duela zorra kentzeko beste ematen. Horregatik, herritarren laguntza eskatu dute. Konbentzituta daude, bost urtean zorra kitatzeko moduan egongo direla. Modu horretan, 2014a amaitu arte iraungo du kanpainak, eta epe horretan espero dute beharrezko kuota guztiak eskuratzea. … eta urte askotarako! izenagaz bataiatu dute kanpaina.

Diru ekarpenak egiteko aukera bi eskaini dituzte. Gainera, sasoi ekonomikoa kontuan hartuta, norbere lanagaz laguntzeko aukera ere eman dute.

Hauek dira laguntzeko erak:

-60 euro urteko, bost urtean (menu txartel bi eta sarrera bi opari)

-120 euro urteko, bost urtean (lau menu txartel eta beste lau sarrera opari)

-Bost bolondres egun auzolanerako (menu txartel bi eta sarrera bi opari)

Dirua ipintzen duten herritarrak, Platerueneko kooperatibako bazkide izango diren lehen unetik.

Kanpaina kalean, Interneten eta Plateruenean bertan garatuko dute. Interneten formularioa dago, eta kalean zein etxeetan jasotako kupoiak Platerueneko Arreta bulegoan entregatu daitezke. Astelehenean zabalduko dute bulegoa, eta hauxe bere ordutegia:

-Astegunetan: 11:00-13:00 eta 18:00-20:00

-Zapatuetan: 12:00-14:00

Urriaren 31n hamargarren urtemuga ospatuko dute, aurrera begirako ikuspegi baikorragaz. Durangoko Azokan ere, abenduaren 6an, jaialdi berezia egingo dute.

Albistearen iturria: anboto

Etiketak: