2025eko maiatzaren 15ean amaitu zen Euskaraldiaren laugarren edizioa. Orduz geroztik, batzordeko kideak balorazioan eta datuen azterketan murgildu dira. Gaur egin ditu publiko Anbotok Durangoko Euskaraldiaren datuak eta balorazioa. Hemen batzordeak azpimarratu dituen hainbat gako jaso ditugu:

Inoizko mugimendurik handiena sortu duen Euskaraldia izan da. Prozesua aurreko edizioetan baino luzeagoa izan da, eta egitasmo gehiago antolatu ditu batzordeak. Egitasmoez gain, aurkezpenak, harreman birak eta foroak egin dira. Batzordean aktibatu diren herritar kopurua ere handia izan da. Hitz gutxitan, euskaltzaleen mugimendu indartsua sortu da. Elkar mugituz egin dugu. Euskal Herri mailan ere joera antzekoa izan dela ematen du.

Egitarau oparoa, Euskaraldiaren prestaketa sasoian zein Euskaraldiko hamaika egunetan: aurkezpenak, solasaldiak, musika eskaintza, jokoak, mintzodromoak, etab. Eskaintza askotarikoa izan da, eta horrek profil ezberdinetako ehundaka herritarrek Euskaraldiaren ekintza ezberdinetan parte hartzea ahalbidetu du. Arrakasta handia izan da hau ere.

Euskarak eta euskararen aldeko lanketek presentzia urria duten lekuetan bere lekua egitea lortzen du Euskaraldiak. Oraindik ere Durangon gaztelera da hizkuntza nagusia, eta hala da mota askotako entitate eta errealitateetan. Askok esan digute euskaraldia dela euren entitateetan euskara murgiltzeko duten tresna bakarretakoa. Aurrerapen txikiak dira askotan, baina balio handikoak.

Datu orokorrak:

  • 220 herritarrek eman dute izena Durangon.
  • 152 entitatek eman dute izena Durangon.

Euskal Herri mailan gertatu bezala, izen ematearen jaitsiera egon da Durangon ere. %9,91ko jaitsiera egon da izen emateetan, azken edizioarekin alderatuta.

Jaitsiera izan arren, datu orokor hauetan ere badaude zantzu positiboak Durangori erreparatuta:

  • Hasteko, jaitsiera txikiagoa bizi izan dugu Durangon, nazio mailako datuekin alderatuta: %14,5eko jaitsiera Euskal Herri mailan eta %9,91koa Durangon.
  • Bestetik, hainbat herritarrek izena eman gabe txapa jarri dute. Izan aurreko edizioetan eman zutenez oraingoan eman ez dutelako, txapa eskuratu zutelako izena eman aurretik, etab.
  • Horrez gain, Durangoren parte hartzea herriko biztanleriarekin alderatzen badugu Zornotza baino datu dexente hobea daukagu, baita Abadiño baino hobea ere. Eremu honetan gertuago gaude Elorrioko datutik, azken hori herri txikiagoa eta euskaldunagoa izanda ere.

Izen emateak eta adina:

  • 16 – 25 urte artekoak: 241 (% 10,86)
  • 26 – 35 urte artekoak: 334 (% 15, 04)
  • 36 – 45 urte artekoak: 604 (% 27, 20)
  • 46 – 55 urte artekoak: 533 (% 24)
  • 56 – 65 urte artekoak: 337 (% 15,18)
  • 66 – 66 urte artekoak: 132 (% 5, 94)
  • 76 urtetik gorakoak: 39 (% 1, 76)

Adin tarteei dagokienez, ariketak adin tarte guztietan parte hartzaile ugari dituela ikus dezakegu, piramide demografikoaren forma antzekoa mantenduta. Euskaraldiak adin guztietako herritarrengana heltzeko gaitasuna du, eta hori ekimenaren indarguneetakoa da.

 

Bestetik, argi ikusten da eragin nagusia 36-55 urte arteko helduengan duela.

 

Azkenik, aurreko edizioarekin alderatuta, jaitsiera handiena 16-25 urte arteko gazteengana egon da, %5,5ekoa. Gazteak mantendu eta gazte gehiagorengana heltzea garrantzitsua da.

Izen emateak eta generoa:

  • Gizonak: 750 gizon (%33,78)
  • Emakumeak: 1455 (%65,54)
  • Ez binarioak: 15 (%0,6)

Azken urteetako joera mantendu da, eta emakumeek, alde handiarekin, Euskaraldian izan dute parte hartze handiena.

Ahobizi eta belarriprestak:

  • Ahobizi: 1886 (%84,95)
  • Belarriprest: 334 (%15,05)

Hemen ere azken urteetako tendentzia mantendu da, askoz gehiago izanda ahobiziak. Hori horrela, euskalgintzatik egiten diren egitasmoetan belarriprestak erakartzeko ahalegina egiten jarraitu behar dugula ondorioztatu dugu. Hau erronka oso potoloa da.