35. urteurrena ospatu dugu Berbarotarrok
Asteak prestaketa lanetan ibili ostean, merezitako urteurrenaz gozatu ahal izan dute Berbarotarrek. Berbaroko lantaldetik eta zuzendaritzatik hainbat elkarrizketetan esan bezala, asmoa ekimen xume baina ederra egitea zen eta, zalantza barik, helburuak bete dira.
Hamarnaka umek bete zuten umeen txokoa; txapak egiten, amantalak serigrafiatzen edota aurpegiak margozten aritu ziren gaztetxoak. Musikak eta Olgetanek animatu zuten tailerra.
Ondoren, Iholdi Beristainek Ni eta Nitarrak obra antzeztu zuen, jadanik Plateruena betetzen hasiak ziren 60 bat ikusleren aurrean. Euskara, euskalduntasuna, gazte aroa… izan zituen gaitzat antzezlanak.
Behin ekitaldia amaituta eta Plateruenara beste dozenaka lagun etorri ondoren heldu zen ekitaldia. Eguna borobildu zuen ekitaldiak: Jone Astorkia abadiƱarraren tela akrobazien ikuskizunak aho bete hortz utzi zituen ikusleak, Markel Sanchezen bakarrizketak barre algaraka jarri zituen eta Maite Berriozabal eta Fernan Ruizen irakurtaldiek bertaratutakoak hunkitzeraino eraman zituen.
Amaitzeko, baina, jai-giroa ezin zen falta; trikipoteoan Goienkalen gora aritu ziren berbarotarrak. Goizaldeko ordu txikietan ere ikusten ziren oraindik Berbaroren zapi urdinak Goienkalen.
35 urtetako ibilbide oparoa eta Durango euskalduntzen izandako lorpenak balioan jarri ditu urteurrenak, baita etorkizunean euskalduntze prozesu honek dituen erronketarako indarrak hartzeko balio ere.
Bagara nor.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest