#KLAK! egitasmotik zuzeneko kontzertua antolatu dugu zapatu honetarako. Gaueko 21:30etik aurrera Elorrioko Iheskide punk rock taldea oholtza birtualera igoko da gazteen gozamenerako. Iaz bezala, ekainean antolatu nahi genuen jaialdia, baina egoerak hala behartuta bertan behera utzi behar izan dugu. Horren alternatiba gisa kontzertua streaming erara eskaintzea bururatu zitzaigun, Gazte #KLAK! izeneko YouTubeko kanaletik. Gazteek hainbat talde proposatu zituzten, Iheskide besteak beste. Erreferentziazko euskal taldea da gazteriarentzat.

Eskualdeko gazteen artean euskara bultzatzeko asmoz sortu zen #KLAK! 2018an, Berbaro elkartearen ekimenez eta Durangaldeko Amankomunazgoak diruz lagunduta. Ekintza ugari egin ditugu ikasturte bi hauetan, euskaratik eta euskaraz, erronka ezberdinak, asteburupasa, jaialdia, tailerrak, etab. Durango eta Iurretako bost institutuetako ikasleek hartzen dute parte #KLAK!-en.

Hurrengo ekintza, bingo musikatua izango da. Maiatzaren 16an 21:00etan, zuzenean hau ere. Bingo klasikoa baino biziagoa da bingo musikatua, zenbaki bakoitzari abesti bat egokitzen baitzaio. Linea edo bingo kantatzen duenarentzat saria egongo da noski, musikarekin lotura duten sari ederrak!