Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Euskara Zerbitzuak berriro jarri du martxan Familian Euskaraz Olgetan programan. Egitasmoak 2013.urtean hasi zuen bere ibilbidea eskualdean, eta, geldialdi txiki baten ostean, atzera ekin dio bideari 2019-2020 ikasturte honetan.

Jolasaren bidez euskararen familia transmisioa lantzea da programaren helburu nagusia. Hori ipar hartuta, euskaraz jolasteko baliabideak eta euskara erabiltzeko guneak eskaini nahi dizkie egitasmoak familiei. Horretarako, jolas dinamizazio saioak egingo ditugu parke eta eskoletako jolastokietan.

Ekimena 3 eta 5 urte bitarteko haurrei eta euren familiei dago zuzenduta, txiki eta helduek elkarrekin jolastuz ikasi ditzaten olgetak.

Familian Euskaraz Olgetan irailaren 25ean hasi eta azaroaren erdialdera arte egongo da martxan. Guztira 30 saio egingo ditugu Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Euskara Zerbitzuko kide diren herrietan: Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibarren.

Parte-hartzea doakoa izango da, baina saio bakoitzeko plazak mugatuak direnez, komenigarria da aldez aurretik izena ematea.

Saioen egutegi eguneratua www.durangaldeaeuskaraz.eus webgunean kontsultatu daiteke. Animatu parte hartzera!