Zelan pasetan dan denbora! Dagoeneko 25 urte bete dauz Berbarok. Gogoan daukat sorrerako jakin-mina, batzuentzat zoro, besteontzat ausart ziran euskaltzale hareen ekimenetik zer etorriko ete zan ikusteko irrikitan… Durangar askoren moduan, hasikeratik bertatik egin ginan bazkide Dani eta biok. Proiektuari bultzada emoteko laguntzaile gogotsu ginduzuezan, benetan!

Handik gitxire, artxibo baten eukiezan alkartearen bazkideen datuak manejau gurean, laguntza eskatu eustien, eta 2001. urtearen inguruan alkarlanean hasi ginan datu-baseak atontzen. Alkarteko datuak hasikeran, txoko-kontuak urte batzuk beranduago, hezitzaileenak oraintsuen …

Sasoi baten, bulegora bertaratzen nintzanean, ez zan lan makala izaten hango nahastearen artean beharginei eureri antzemotea: ekintzen materialak, paperak, kartelak… Eta burutxo batzuk, lan eta lan, anabasaren zergaitia azaldu nahian: Justu atzo amaitu da Azoka, Haur Literaturako materiala be berton dekogu bananduta, edo hau, edo bestie… Neuretzat, ostera, bizitasunaren eta kemenaren zantzua zan hango giro nahasia. Proiektua, haizea alde -eta kideen gogoa are aldeago-, aurrera joian, atsedenik hartu barik.!!

Tirrin!! Telefonoaren soinua entzun, zenbakia ikusi eta hartutakoan: Zer, Rakel? agurtzen dot, ea oraingo enbajadea zein dan! pentsaurik. Bera, zer edo zeren eskean, abadetxu baten hitz onakaz beti be, mesedez berbea egundo ahaztu barik. Ni, neure aldetik, pozarren, ahal dodan guztian laguntzeko gogotsu, beste 25 urtez be euren deiak jasotzeko gertu, batzuentzat zoro eta besteontzat ausart izan ziran hareeri eta hareen ondorengoei esker proiektua zelan mamitu, zabaldu, heldu eta bizirik mantendu dan ikusteak emoten dauan poztasunagaz.

Zorionak, ba, Berbaro eta… Bejondeizuela, bihotzez!!

Amaia Eguzkitza