Udan Olgetan 011

berriak, deigarriak — By on martxoa 24, 2011 at 15:41

Berbaro Euskara Elkartekook, UDAN OLGETAN, herri kanpamentu propioen aldeko apustua egingo dugu aurten.

Urteetan, Durangaldeko zenbait Udalek (Durango, Elorrio, Abadiño, Zaldibar, Mallabia) antolatzen dituzten udalekuen kudeaketan, Kurutziaga Ikastolako egonaldietan eta gure udaleku propioetan jasotako eskarmentuak eta metatutako esperientziak sortu dizkigute ilusio eta gogoa aurrerapauso hau emateko.

Udan Olgetan 3-10 urte bitarteko umeentzat (2001-2007 urteen artean jaioak) antolatuko ditugun udaleku irekiak izango dira. Euskara eta euskal kultura izango dute ardatz. Herriko hizkuntza, kultura eta ohiturak hartuko ditugu oinarritzat, eta herriko hezitzaileek dinamizatuko dituzte ekintzak. Baserria, artea, ura, lanbideak eta mitologia izango dira bost asteetan landuko ditugun gaiak eta, karteletan ere, hori islatzen saiatu gara.

Ekainaren 27tik uztailaren 29ra, Durangon bertan antolatuko ditugu udalekuak, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 13:30era. Astean behin egun osoko irteera egingo dugu, goizean irten eta 16:30ak arte. Aste bat, bi, hiru, lau, edo udaldi osoa igarotzeko aukera dago eta izena ematean zehaztu behar da. Horretarako azken eguna maiatzaren 6a izango da, eskaintzen ditugun plazak aurretik betetzen ez badira.

Izena ematen duten umeen gurasoentzako aurkezpen bilera egingo dugu ekainean eta, egun horretan, udalekuek izango dituzten azpiegiturak ikusteko aukera ere emango diegu bertaratutako gurasoei.
Informazio gehiago

Tags: ,


Erantzun

Trackbacks

Leave a Trackback

berbaro@berbaro.com Plateruena Anboto