Herriko denda askotan merkealdian daudela eta, dendarik denda ibili gara Berbaroko kideok, ea erakusleihoetako mezuetan genero merke eta ona zein hizkuntzatan eskaintzen diguten aztertzen. Gure neurketaren arabera, denden % 49k gaztelania hutsez ditu merkealdietako errotuloak; % 41,2 daude ele bietan, eta % 9,8 euskara hutsean. Datu horiek herriko 102 denden errotuloak aztertu eta gero atera ditugu.

Aitortu beharra dugu neurketak triste utzi gaituela; bai, datu hobeak espero genituen. Duela hiru urte, 2016an, antzerako neurketa egin genuen, eta orduko emaitza ere ez zen saltoka hasteakoa izan: 84 denden errotuloak aztertu genituen; %52,4 gaztelania hutsez zeuden, % 38,1 ele bietan eta % 9,5 euskara hutsez.  Neurketa hartan euskara garesti genuela ondorioztatu genuen, eta oraingoan ere, horrelaxe dela ikusi dugu.

 

Euskaraldian Durangoko denda ugarik egin zuten bat herritarrei euskaraz egin edo entzuteko ariketarekin. Antza denez, mezuak ez du merkealdiko komunikazio ekintzetan eragin handirik izan. Bestalde, apustu hori egin, hizkuntza ohituren aldaketan sinistu eta jarrera horiekin lan egiten duten dendariak ere badaude herrian; euren lana aitortu eta eskertu gura dugu.