Gu gara. Euskara darabilgunak, euskaraz bizi gura dugunak, harremanak euskaraz egin gura ditugun pertsonak. Ez gara siglak, ez gara egiturak, ez gara estatistikak, pertsonak gara, Durangaldekoak eta Euskal Herrikoak. Urteak daramatzagu euskara herri-bizitzara ekarri guran, eta oraindik ere, euskaraz bizitzeko lekuak berreskuratzeko ahaleginean dihardugu. San Fausto jaiak ditugu orain buruan, pertsonak, jaia eta bizipoza batzen diren lekuan egon gura dugulako.

Hika, zuka, berorika… Guka! Guka berba egin gura duzuen guztiontzat gonbidapena duzue hau, San Fausto jaietako txosnagunean izango dugun lekura etorri zaitezten. Baina etorri bakarrik ez, guka-guka, elkarrekin lekua egin dezagun proposamena ere baduzue: berdin muntaketan edo txandetan parte hartuz, zein jaigiroan bisita eginez. Zer aurkituko duzun bertan? Jan-edana eta aurrez aurre euskaraz mintzatuko gatzaizkizun pertsonak, pluralean.

Jaiak gozatzeko egitarau ugari antolatu da aurten ere Durangon. Aukeran dituzue txosnagunearena zein udalarena. Euskarazko ahalik eta hitzordu gehienak gozatzeko dei egiten dizuegu, eta bereziki Gukan elkartzeko antolatu ditugunetan parte hartu dezazuen: urriaren 13an prestatuko dugun paella janez, egun berean eguerdirako antolatu ditugun umeen tailerretan seme-alabekin parte hartuz, eta urriaren 20an 13:30etan Kantulagunean kantuan eginez.

Han izango gara gu, atsegin baduzu zurekin. Egin dezagun Guka!

AEK
EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ
IBAIZABAL IKASTOLA
BERBARO TALDEA
Harremanetarako: berbarotaldea@gmail.com

Albistea komunikabideetan:
www.anboto.org