Web orri honetan hainbat esparrutan eta egoeratan euskara maizago erabiltzeko tresna lagungarri batzuk eskainiko zaizkizu. Sarri askotan, euskaldunok euskara ez den beste hizkuntza bat aukeratzen dugu, gure hizkuntzari uko eginez eta norberarengan frustrazioa sortuz. Errealitatea, hala ere, erabat desberdina izan daiteke, eta norberarengan dago errealitate hori hein handi batean aldatzeko giltza. Hizkuntza baten edo beste baten alde egiteko orduan, erabakigarriak dira askotan solaskidearen itxura edota solaskide horrekin topo egin duzun ingurunea eta egoera. Tamalez, aukeraketa hori euskararen kaltetan izan ohi da gehienetan. www.aritu.eu -k, gure jarrera aldatu eta gure hizkuntzaren erabilera modu naturalean garatzen lagunduko digu, egoera edozein dela ere. Gure hizkuntzaren erabilera areagotzea du helburu www.aritu.eu -k, eta horretarako trebatzen gaitu. Zenbait test eta ariketa eginda, www.aritu.eu webguneak, lehenengo eta behin, euskararen aurrean egoera desberdinetan dugun jokabide eta jarrerak ezagutu eta horien inguruan hausnartzen lagunduko digu. Ostean, egin ditzakegun test, galdera eta ariketei esker, gure konpromiso-maila aukeratu ahal izango dugu, hau da, noraino iritsi nahi dugun lekua eta egoera edozein izanda ere. Eta www.aritu.eu –k emango dizkigu hartu ditugun helburuak erdiesteko zenbait baliabide.