Berbaro taldea

Plateruena

Gure bazkideentzako bilgunea behar genuela eta, finantziazio iturri modura sortu genuen Berbaro taberna. 1994an jarri genuen martxan, eta bertan jasotako esperientziak salto itzela ematera eraman gintuen. 2004an, Plateruena Kafe Antzokia zabaldu genuen jendearen laguntzarekin eta ekarpen askorekin.

Gaur egun, Plateruena ez da gure finantziazio-iturria, baina bai gure bilgunea eta gure kulturaren eta hizkuntzaren kabia. Antzokiak 30 langile ditu, munduko musikariek Estatuan zehar egiten dituzten biretan kontuan hartzen dute, urtean 30.000 pertsonak ordaintzen dute sarrera, eta 16.800 menu ematen ditu urtean.

Durangaldeko elkarte eta taldeentzako erabilgarria den gune herritarra da.

Aisialdigunea eta kulturgunea ere bada. Askotariko aisialdi eskaintza ziurtatzen du astegunetan zein asteburuetan, gazteenetatik hasita edadetuenetaraino. Umeentzako ludoteka dauka astelehen arratsaldetan, eta gure eskualdeko zein Euskal Herri osoko erakundeentzako gunea da jaialdiak, aurkezpenak edo ekitaldiak antolatzerako orduan.

Plateruena euskalgunea da. Euskararen aldekoa baino gehiago, euskaraz behar egiten duena eta euskarazko eskaintza duena ardatz nagusi. Gune euskalduna eta integratzailea da, erdaldunentzako ere ateak eta euskararen bidea zabalik dituena.


 

Anboto

1993an, Durangalderako euskarazko astekari bat sortzeko lehenengo urratsak egin genituen. Loteria eta egutegiak saltzen, txosnak jartzen… Eta azkenik kuota ere ezarri genuen. Horrela jaio zen Eraz aldizkaria. Hasiera hartan, 40 bat lagun ibiliko zen laguntzaile, batean edo bestean lanean.

Baina Eraz ez zen nahikoa. Aldizkaria 3.000 etxetara heltzen zen; hortaz, 9.000 irakurle inguru zituen. Eta, Durangaldean 30.000 bat lagun ziren euskaraz irakurtzeko gai zirenak. Beraz, zer egin haiengana guztiengana heltzeko? Gastuak gutxitzeko, eskualdeko aldizkariak batu eta, besteak beste, inprentatik errotatibarako aldaketa egin zuten. Ideia horrekin, Durangaldeko gainerako euskara elkarteekin batera, astekari berria argitaratzen hasi ginen 2000. urtean: Anboto aldizkaria.

Astekariaren helburuak hauek dira:

  • Durangaldeko informazioa euskaraz ezagutzera ematea.
  • Durangaldeko herritar, elkarte, talde eta eragileen parte-hartzea bultzatzea.
  • Eskualdeko euskararen erabilera indartzea.
  • Durangaldeko herrien topaleku izatea.
  • Aurretik aukerarik izan ez dutenak, euskaraz alfabetatzen laguntzea.

Gaur egun, Anboto astekaria 8.000 etxetara heltzen da, eta 24.000 irakurle inguru ditu.

 


berbaro@berbaro.com Plateruena Anboto