Berbalagun. Ireki bihotza!

berriak — By on iraila 25, 2012 at 7:22

Kaixo Laztana,

“Laztana” ala “lastana” idatzi behar da? Hau buruhaustea!

Ez dakit nondik hasi ere. Seguru asko harrigarria egingo zaizu maitale ezezagun bat duzula jakitea, baina, hala da. Behin baino gehiagotan egon naiz zuregana hurbildu eta zerbait esateko puntuan, baina ez naiz inoiz ausartu zuzenean hitz egitera. Hori bai, kalean, dendaren batean edo tabernan ikusi izan zaitudanean, lagunekin edo nornahirekin berriketan, adi-adi egon izan natzaizu. Natzaizu… Nolako aditza, ezta? Taulan begiratu behar izan dut!

Barkatu. Euskara ikasten ari naiz. Beharbada, hortik hasi behar nuen. Hain zuzen ere, zurekin hitz egin ahal izateko ari naiz euskara ikasten. Hitz egin, edo, sinonimoen hiztegiak dioenez, berba, solas, ele. Mintzatu.

Ez dakit euskararekin ala euskaldunekin maitemindu nintzen lehenago. Berdin dio. Euskara eta euskaldunak maite ditut. Hori da dakidana. Eta badakit, baita era, maitale asko dituzuela, zorionez. Lasai. Ez zaitut niretzat nahi osorik. Gehiago esango dizut: nahiago zaitut beste batzuekin partekatuta, mintzalagun taldean.

Ireki bihotza, laztana. Zurekin hitz egin nahi dut.

Herriko mintzalagun taldean zain gauzkazu.

Mintzalagun, Berbalagun, Mintzakide, Solaskide, Zahar-berri… herrien eta euskalkien arabera izen ezberdinak erabiltzen ditugu finean egitasmo berdintsuak izendatzeko: mintzapraktika programak.
Mintzapraktika programak euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak, euskaraz hitz egiteko ohitura ez duten pertsonekin elkartzean datza. Ideia xamurra bezain eraginkorra da, kontuan hartzen badugu guztiontzako ez dela erraza euskaraz hitz egiteko gune, une eta kideak aurkitzea.
Hori dela eta Euskal Herriko lurralde guztietan; hiri, herri eta auzoetan hainbat dira martxan dauden mintzapraktika programak.

Zure herriko edo inguruko mintzapraktika programan parte hartu nahi baduzu bi baldintza baino ez dituzu bete behar: batetik, euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila edukitzea eta bestetik, astean behin programari dedikatzeko ordu bete inguruko tartea ateratzea.Parte hartu nahi baduzu, gerturatu zaitez zure herriko edo inguruko Euskara Elkartera edo AEKko euskaltegira.

Durangaldeko Berbalagunen informazioa jaso edo parte hartu nahi baduzu, hurbildu Durangaldeko euskaltegietara, euskara elkartera edo zure herriko euskara zerbitzura. Telefonoa: 639400786 E-posta: durangaldea@aek.org



Erantzun

Trackbacks

Leave a Trackback

berbaro@berbaro.com Plateruena Anboto